Orain 33 urte hil zuen ETAk Sebastian Aizpiri elgoibartarra.

Merezi du haren istorioa ezagutzeak. Eta ez, soilki, zer bidegabea izan zen oroitzeko, baizik ETA eta bere munduaren jardunbide ilunak agertzeko.

Inoiz zikindu nahi izan zioten duintasuna itzularazteko. https://twitter.com/oaraolaza/status/1397080393493454848
Sebastian Aizpiri San Lorentzo auzoko baserri batean jaio eta hazi zen beste hiru seniderekin batean.

20 urte zituelarik, anaiaren tailerrean hasi zen lanean eta, aurrerago, Arrieta eskopeta fabrikan.

Aurrezki batzuekin eta gurasoen laguntzaz, harategi xume bar ireki zuen.
Harategiaren negozioa ongi joaki, anaia konbentzitu eta elkarrekin Eibarren jatetxe bat irekitzea lortu zuten: Chalcha jatetxea.

Gauzak horrela, negozioetan zuen arrakastak ezker abertzaleko jendeari atentzioa eman zion; hala, ETA jakinaren gainean jarriz.
Tenore hartako beste hainbat enpresariren patuari jarraiki, ETAren iraultza zergaren jomuga bihurtu zen Aizpiri.

ETAk, ohikoa zenez, iraultza zerga pagatzeko larderiatu zuen.

Aizpirik, ordea, ezezkoa eman zion.

Horrek heriotzara kondenatu zuelarik.
Baina ETAk ez zuen berehalakoan akabatu; bere heriotza gauzatzeko eta zuritzeko ingurua preparatu zuen lehenbizi.

Hala, 1988ko ilbeltzean, Debabarrenako ezker abertzaleko jendeak Aizpiri narkotrafikatzaile handi bat zela zabaldu zuen; espresuki, heroina trafikatzailea.
Zurrumurrua ahotik ahora agudo zabaldu zen heroinak eta hiesak gogor jotako bailaran. Ezker abertzalea aspalditik zebilen heroinaren kontra gatazka.

Horrek bat-bateko efektua izan zuen: jende askok Aizpiriren harategi eta jatetxera joateari utzi zion.
Aizpirik, arrunt kezkatuta, Eibarko El Correoren erredakziora jo zuen laguntza eske. Izen ona lohitze horiek, kalumnia horiek, nola gezurtatu galdeka.

Hoberena bere horretan uztea izango zela esan zioten: salaketak egoera gaiztotzen ahalko zuelakoan.
Eibarko HBko zinegotzi batengana ere jo zuen, honek nolazpait ere gauzak bidera zitzakeelakoan.

HBkoak, ordea, "beste aiekakoek [ETAkoek, alegia] bere pertsonaren eta ondasunen gaineko ikerketa bat abiatu zutela" esan zion, eta "oraingoz, lasai egoteko".
HBkoaren erantzunak are kezkatuago utzi zuen.

Horrela, azkenik, El Correora gutun bat idatzi zuen, Eibar eta Elgoibarko alkateei bere zintzotasun eta errugabetasuna defendatzeko eskatuz; zurrumurru horiek bere bizia arriskuan jartzen zutela-eta, gezurtatzeko eskatuz.
Bi alkateek zeharo babestu zuten Aizpiri.

Gainetik, Eibarko alkateak Udaltzaingoaren bitartez ikerketa bat abiarazi zuen, zurrumurruak txoil faltsuak zirela egiaztatuz eta Aizpiriren izen ona zikintzeko zitalki zabaldu zen zurrumurru huts bat zela aitortuz.
Babesak ez zuen, ordea, gehiegi lasaitu Aizpiri. Martxoan Guardia Zibilak jakinarazi zuenez, Santiago Arrospideri ('Santi Potros') atzemandako paperetan bere izena agertzen baitzen.
Izuaren pisua bizkar gainean eraman zuen hurrengo asteetan: hainbat segurtasun neurri bere kasa hartzen ahaleginduz.

Hala ere, zurrumurruak apaltzen joaki, lasaitzen ere hasia zen. Gauzak normaltasunera itzuli zirelakoan.
Baina alferrik izan zen.

Gaurko egun batez, 1988ko maiatzaren 25ean, eguneko jarduna bukatu eta harategiko pertsiana jaitsi ondotik, bi etakidek isilpean gibeletik atzeman eta hiru tiroz zulatu zioten burua betikoz.
Hurrengo egunean, egunkari guztiek hilketa zuten aipamen. 'Egin'-ek lehen orrialdean, heriotzaren berriarekin batean, azken hileetako zurrumurruak agertzen zituen, narkotrafikatzaile handi bat zela egozten omen zitzaion eta berak zituen enpresa eta ondasunen berri ematen zuen.
Gezurrak ez ziren, noski, zurrumurruak bakarrik. 'Egin'-ek aipamen zituen ondasunak ere ez ziren guztiz egia.

Kasualitatez, Aizpirik zituen ondasunak izugarri hanpatu zituen 'Egin'-ek: berak saldutako ondasun batzuk eta ez zituen beste batzuk barne hartuz.
Ordea, Elgoibar eta Eibarko herriek biziki gaitzetsi zuten hilketa. Alderdi guztietako politikariek sustatutako manifestazioetara ehundaka pertsona bilduz.

Alderdi orotako politikariak HBkoak izan ezik, noski. Haiek 'Gestoras Pro Amnistía'-k ordu berean deitutakora joan ziren.
Alderdi guztiek (HBk salbu) testu bateratu bat atera zuten hilketa gaitzetsiz.

HBk, ordea, beste testu bat atera zuen, KASek ere izenpetua. Bertan hilketa "sentitzen zutela" esaten zuten, "Estatuak hildakoak sentitzen zituzten adina eta, noski, drogak hildakoak".
Adierazpen berean, drogak Euskal Herrian sortu zuen artesia salatzen zuen. Drogaren hedapena Estatuari egotziz. "Estatuari eta harekin, dirua aise egin nahirik, kolaboratzen duten guztiei".

Drogaren iradokizuna atzera ere, 'Egin'-ek bezala: Aizpiri susmo pean paratuz.
Egun horretan bertan, arratsaldez, Jon Idigorasek HBren drogaren kontrako kanpaina sutsua abiarazi zuen.

Alderdi guztiei drogaren kontrako posizioa hartzeko eskatzen zien, eta droga-trafikoaren erantzuleen kontra egiteko.

Ez zuen Aizpiri aipatzen, baina lotura agerikoa zen.
Behin betiko akusazioa ETAk egin zuen, 'Egin'-era bidalitako mezu batean.

Euskal Herriko droga-trafikoaren erantzule nagusitzat jo zuen eta poliziaren kolaboratzailetzat.

'Egin'-ek bi kazetari mobilizatu zituen hori egiaztatuko zuten lekukoen bila.

Ez zuten inor ere topatu.
Aizpiri familiak akusazio horiek banan-banan gezurtatzen zituen komunikatu bat zabaldu zuen egunkarietan.

Azkenik, Eibar eta Elgoibarren ETAren akusazio faltsuak sortu zuen haserrea zela-eta beste manifestazio bat deitu zen.
HB ez zen, noski, manifestazio honetara agertu. Eibarko HBkoek 'Egin'-en adierazi zutenez, manifestazioa deitzeko zio bakarra heriotza baten oinazea probestu eta "herri honen sektore borrokalari eta kontsekuenteenen kontra" (sic) egitea zen.
Atzera ere, Aizpiri aipatu gabe, Debabarrenako HBk bailarako droga-trafikoaren eta honen ondorio lazgarrien kontrako komunikatu bat zabaldu zuen.

Hala ere, manifestazioan 3.500 lagun azaldu ziren "Eibar eta Elgoibar ETAren kontra" lemarekin; Debabarrenako 7 alkateek burutua.
Manifestazioaren egunean, ordea, ezker abertzaleko jendeak esku-paperak zabaldu zituen.

Hala zioten: "Acude a la manifestación pro traficantes. Defiende la droga. Defiende su vida".

Pankarta batzuk ere bai: "Heroína, igual a policía"; "Eibar eta Elgoibar kamelloaren alde".
Eta horrela bukatzen da pasartea; ez, ordea, sufrikarioa. Egintza batzuk kontatzen baitira hemen; baina ñabardurak eta malkoak hamaika dira.

Beste asko bezala, hiru aldiz akabatu zuen ETAk: bizi zelarik, izuak; hiru balaz, pistolak; eta gezurrez, larderiak.

Ez ahazteko: oroitu.
You can follow @gaintzako.
Tip: mention @twtextapp on a Twitter thread with the keyword “unroll” to get a link to it.

Latest Threads Unrolled: